Sagrario Aleman: “Euskara onena hitz egiten dena da”

Anuncio
Sagrario Aleman: “Euskara onena hitz egiten dena da”
GALDERA.- Euskaltzain oso izendatu zintuztenetik hilabete
osoa joan da. Lehen eguneko ilusioaz gain, orain, lasaiago zaudela,
ondo ikusten duzu zure burua euskaltzain oso bezala?
ERANTZUNA.- Bai, hilabetea joan da baina, oraindik ez dut aski
ezagutzen, uste dut poliki-poliki ikasten joanen naizela eta argixeago
izanen ditudala gauzak. Proposatu nindutenek ezagutzen naute gehixeago
edo gutxixeago eta beraz, pentsatzen dut, hor ikusten nautela.
G.- Zer eman nahiko zenioke Akademiari? Eta zer emango dizu
Euskaltzaindiak? Edo zer espero duzu?
E.- Nire lanarekin, eguneroko lanarekin, uztartzen saiatu beharko
dut, ni naizen, egiten dudan, hori eraman eta eman dezaket
Euskaltzaindian. Nafarroan, Helduen Euskalduntze Alfabetatzean ari den
eta euskararen erabileraz kezkaturik dagoen pertsonaren ikuspegia.
Sustapen Batzordean hasi naiz.
Zer emanen didan Euskaltzaindiak? Gauza asko ikasteko aukera,
zalantzarik gabe. Beste hainbat ikuspegi eta iritzi ezagutzeko eta entzuteko
parada izanen dut. Beste arlo eta lanak zertan diren jabetzerik ere izanen
dut, aurki.
Lan gehixeago ere ekarriko dit, buruhausteren bat, eta baten batek
esan didan bezala, Euskaltzaindia kritikatzeko joera moteldu eta ahuldu,
segur aski.
G.- Berriztatze/gaztetze prozesu baten barruan dago
Euskaltzaindia. Inportantea da? Zelan ikusten duzu?
E.- Uste dut inportantea dela berriztatze hori, hala dirudi behintzat, eta
kanpoan jendeak ongi ikusi du. Jendeak Euskaltzaindiaz duen irudia eta
ikuspegia ere inportantea baita, hurbil sentitzea beharrezkoa da. Eta dudarik
gabe, aberasgarria oso euskalgintzan arlo diferenteetan ari den jendea, adin
eta ikuspegi aunitzeko jendea elkarrekin aritzea. Gizarte edo jendartearen
isla izan behar du Euskaltzaindiak ahal den neurrian.
G.- Nafarroako alfabetatze eta euskalduntze munduan
erreferentzia zara. Zein da zure esperientzia?
E.- Gauzak, motel bada ere, aldatzen joan dira eta ari dira, askotan
oharkabean, horregatik, Nafarroako alfabetatze euskalduntzearen egoeraz
baino prozesu edo jardueraz hitz eginen nuke. Azken urteetan, zoritxarrez,
euskaltegiei eustearekin aski lan izan dugu. Gure helburua ahalik eta jende
gehien euskalduntzea da eta euskalduntze horrekin ez dugu hizkuntza
ikastea bakarrik esanahi -hau bera ere arras zaila izanik-, ikastea eta
erabiltzea baizik. Egunero, bere bizian, erabil dezan irakastea. Gure
koordinakundearen izenak berak, ikas eta ari, adierazten duen gisa.
Bizitzeko batere beharrezkoa ez duten hizkuntza, euskara, ikastera anima
daitezen, eta ahalegin ikaragarria eginez ikas dezaten eskatzen diogu
jendeari. Nik uste, gero eta zailagoa dugula Nafarroan jendea erakartzea,
animatzea. Ikasleria ez da handitzen ari eta ez da harritzekoa batere,
euskara jakitea beharrezkoa ez izateaz gain, maiz, oztopo ere izaten baita
hemen.
Azken lau urteetan proiektu berrietan ere sartu gara. Instituto eta
ikastoletan, D eta A ereduetan, ari gara eskola ematen helduen
euskalduntzekoak, mintzamena lantzen, horrela, gazteen motibazioan eta
erabileran eraginen ote dugun. Bestalde, Mintzakide bezalako proiektuak
abian ditugu hainbat eragilerekin batean, euskaldun zahar eta berri
elkarrekin solasean.
G.- Zelan dago egoera, gaur egun?
E.- Erabilera areagotzeko erabiltzaileak behar ditugu, horretarako
jendeak euskara ikasi behar du, eta ikasteko beharra izan behar dute. Jende
gutxi etortzen da ikastera, gutxik daki euskaraz, eta zenbat eta jende
gutxiagok jakin, erabilera txikiago, erabilera urria bada, euskararen
beharrik ez. Muturra non duen ez dakigun soka dugu.
Beharra sortzeko, jendea ikastera animatzeko eta erabilera
areagotzeko, Administrazioa eta euskalgintzan dihardugun taldeak
elkarrekin, norabide berean, ari beharko genuke, baina ez gara horrela ari
gaur. Administrazioaren laguntzarik gabe eta askotan, Administrazioa
kontra dugula ari behar izaten dugu.
G.- Hizkuntzaren erabilerak kezkatzen zaituela diozu. Zein izan
behar da Euskaltzaindiak, gizarte mailan, zabaldu behar duen mezua?
Hiztunei luzatu behar zaien mezua?
E.- Euskara batua dela eta, maiz, bai komunikabideetatik, bai
irakaskuntzatik bereziki, uste ustela zabaldu izan dugu eta jende askok bere
hizkeraz eta bere euskara mailaz lotsa izaten du. Nork bere euskara
gutxieste horrek ez erabiltzea dakar. Oso modu estuan hartu izan ditugu
askotan irakaskuntzan Euskaltzaindiaren arauak, eta euskara ona arauak
goiti-beheiti errespetatzea dela sinestarazi dugu. Jendea, euskara erabiltzera
animatu ordez, uxatuz. Edo ez erabiltzeko aitzakia polita emanez.
Hortaz, euskara onena hitz egiten dena da. Horixe behar luke mezu
nagusia. Bakoitzak dakien euskara hori erabiltzea. Jakina, Joxerra Gartzia,
Andoni Egaña eta Kike Amonarrizek aipatzen dituzten zuzentasuna,
jatortasuna eta egokitasuna baldin badu euskara horrek, hobe.
Eta irakaskuntzan ari garenok ez ote genuke jakin behar euskara
batua zer den eta zertan den? Beharbada, hori ere Euskaltzaindiaren
egitekoa izan liteke. Uste oker horiek baztertzeko balioko luke, agian.
G.- Zein izan behar da Euskaltzaindiaren erronka, Nafarroan?
E.- Une honetan Nafarroan euskarak duen prestigioa ikusita, euskara
prestigiatzeko ahalegin berezia egin beharko lukeela bururatzen zait
oraintxe. Uste dut Euskaltzaindia horretarako Erakunde aproposa dela.
Beste batzuk ere ari beharko dute horretan, jakina.
Descargar